2012-11-19




Euskaraz bizi nahi dut, duzu, dugu; horixe delako nire hizkuntza. Natural sentitzen dudana, natural egiten dudana eta egiten nauena. Euskalduna naiz eta hala izan nahi dut gero ere. Ez da ordea, osoki nire, zure, gure esku dagoen zerbait.

Hizkuntza zerbaiterako bada, harremanetarako, komunikatzeko da. Pertsona desberdinen urteetako harremanak egituratzeko eta batzeko, hizkuntza-komunitate sendo bat eratzeko balio izan du euskarak. Etorkizunean ere, euskara izango bada, komunitate horrek iraun duelako izango da. Guk iraun dugulako izango da.
Halere, gu izateko jendea behar da, hizkuntza- komunitatea osatu behar da. Ezinbestekoa da euskarak iraun dezakeen komunitate bakarrean, hizkuntza-komunitate horrek duen lur eremu bakarrean, Euskal Herrian, euskara eta hizkuntza-komunitatea indartzea. Eta badakigu hori lortzeko ezinbestekoa dela euskararen berezko lurraldean bizi eta lan egiten dugun guztiok euskara ezagutzea. Are gehiago, ezinbestekoa izateaz gain, eskubidezkoa ere bada, inor bertan biziko bada, euskara ezagutzeko eskubidea izatea. Euskara jakitea eurak aberastea baita, aberastea ezagutzaz, aberastea esperientziaz, aberastea harremanez, bai eta mundu ikuskeraz ere. Ez da justua inori hori ukatzea.

Jakitea ez da nahikoa ordea, hizkuntza harremaetarako, komunikatzeko erabiltzen den neurrian, ezinbestekoa da, hain zuzen, erabiltzeko aukera izatea. Euskaldunok oztopo gabe euskaraz lasai jarduteko lekuak behar ditugu. Euskararen eremuak sortu eta hedatu behar dira. Euskaraz biziko badira, euskaraz biziko bagara, euskaraz biziko bada.

Gaur egun bizi dugun unea, testuinguru ezin aproposagoa da euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko. Gure alde dugu haizea behar dugun jauzia eman ahal izateko eta abagunea probestu behar dugu. Horrela, abenduaren batean guk geure hondar-alea jarri nahi dugu, euskaraz bizi nahi duen multzo handia dagoela erakutsiko dugu. Guztiok batera, lortuko dugu, pertsona bakoitzetik taldera, taldetik, hizkuntza-komunitatera eta hizkuntza komunitatetik herri osora zabalduko den ilusioz eta bizi nahiaz aurrera egitea.


Eman txikimendua www. euskarazbizinahidut.org webgunean